-
Hitzarmenaren xedea da bi erakundeek osasun-zientzien arloan antolatzen dituzten prestakuntza- eta dibulgazio-jarduerak garatzea.
-
Akademiak 125 urte baino gehiagoko historia du, eta Medikuntza, Farmazia, Biologia, Odontologia eta Albaitaritzako profesionalak biltzen ditu.
-
Basque Health Cluster Euskadiko biozientzien eta osasunaren sektoreko erreferentziazko elkartea da. Pertsonen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko produktuak eta zerbitzuak garatzen dituzten erakundeak biltzen ditu.
Bilbo, 2024ko martxoaren 5a.- Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiak (ACMB/BMZA) eta Basque Health Clusterrek (BHC) lankidetza-hitzarmena sinatu zuten atzo Bilbon, bi erakundeek osasuna sustatzeko antolatzen dituzten prestakuntza- eta dibulgazio-jarduerak garatzeko. Dokumentuaren sinaduran parte hartu zuten Agurtzane Ortiz ACMB/BMZAko presidenteak eta Asier Albizu Basque Health Cluster-eko presidenteak, Idoia Muñoz BHCko zuzendariarekin batera.
Agurtzane Ortizek azpimarratu duenez, «Bilboko Medikuntza Zientzien Akademian pozik gaude Euskadiko osasun-zientzien panoraman funtzio garrantzitsua duen erakunde bateko kide izateagatik. Hainbat motatako erakundeen arteko lotura da, baina lotura partekatua dute: biztanleriaren osasuna eta ongizatea sustatzea. Horregatik, Akademiak, erreferente den aldetik diziplina anitzeko ezagutza zientifikoa sortzeko eta zabaltzeko, zeregin garrantzitsua izan dezake eta izan behar du ezagutza hori Basque Health Cluster-en inplikatutako eragileei eta gizarte osoari transmititzeko».
Bestalde, Asier Albizuk adierazi duenez, «Basque Health Cluster-en (BHC) oso pozik gaude bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmen hau gauzatzearekin, aktiboki lankidetzan aritzeko ezagutza zientifikoaren sorrera sustatzeko eta ekintza bateratuak antolatzeko, gure erakunde bazkideen arteko topaguneak dinamizatuz».
Bilboko Medikuntza Zientzien Akademia 1895ean sortu zen. 125 urte baino gehiagoko historian zehar, osasun- eta gizarte-lan handia egin du, sail akademikoen bitartez. Hasieratik, Medikuntza, Farmazia, Biologia, Odontologia eta Albaitaritzako profesionalek osatutako diziplina anitzeko erakunde libre gisa definitu zen, eta bere adierazpen-organoa sortu zuen Bilboko Gazeta Medikoak. Argitalpen hau Akademiaren aldizkari zientifiko ofiziala da eta Espainiako aldizkari biosanitarioen dekanoa da. 2012az geroztik, modu digitalean argitaratzen da, eta web atari propioa du, non aldizkaria doan eskaintzen den. Interneteko helbidea hau da: www.gacetamedicabilbao.eus.
Basque Health Cluster 2010eko urrian sortu zen, bertako ekintzaile talde batek osatua, indarrak batzeko asmoarekin. Urte batzuk geroago, klusterra Euskadiko biozientzien eta osasunaren sektoreko erreferentziazko elkartea da. Pertsonen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko produktuak eta zerbitzuak garatzen dituzten erakundeak biltzen ditu.
Erakunde honen misioa enpresa elkartuen garapenean, hazkundean eta nazioartekotzean laguntzea da, balio diferentzialeko proposamen baten bidez. Proposamen horrek haien lehiakortasuna hobetzea bultzatuko du, Euskadiko biozientzien eta osasunaren arloko eragileen arteko lankidetza dinamikoa sustatuko du eta beste sektore batzuekiko elkarreragina bultzatuko du.
Jarduera-ardatzen artean, honako hauek aipa daitezke: berrikuntza teknologikoa, sektorearen hazkundea eta dinamizazioa, klusterraren balioa eta ikusgarritasuna proposatzea, inbertsioak eta finantzaketa espezializatua bilatzea, nazioartekotzea eta talentua erakartzea eta garatzea.