Euskadiko Bioosasun sektoreko industriak, 2021ean, sendotu egin du azken urteotan izandako garapena. Fakturazio- eta esportazio-datuek, I+G+B-n egindako inbertsioen ingurukoak, baina batez ere sortutako lanpostu berrien ingurukoak, sektoreak bizi duen une gozoa islatzen dute. Honek, dagoeneko euskal BPGaren %2 baino gehiagokoa izatea lortu du. Ekainaren 9an lekukoa izan zuen Basque Health Clusterreko Batzarrean, argi geratu zen bioosasun sektoreko industria-jarduerak, erronka eta oztopo batzuk aurrekari izanik ere, etorkizun oparoa izango duela. Horrela, 2022a ere aurreko urteko itxaropen berdintsuekin aurreikusten du klusterrak, eta horrela izan bedi jardungo du lanean, Batzarrean berritutako zuzendaritza berriaren eskutik, eta Biolan Healthko Asier Albizuren lehendakaritzapean.
Iaz, Euskadi Bioosasun sektoreko industrial ia mila lanpostu berri sortu zituen, ia 10.000 profesionaleko plantilla batzera helduz. Balio erlatiboetan, bilakaerak %11ko hazkunde nabarmena suposatzen du, aurreko urteetako batez besteko %5 eta %8ko hazkundearekin alderatuta. Horrez gain, espezializazio- eta profesionalizazio- maila handiko enplegua da (doktoreak, bizitza zientzietan eta ingeniaritzetan masterrak, datuetan eta adimen artifizialean adituak) eta emakumezkoen enpleguaren presentziak pisu handia dauka.
Basque Health Clusterrak Bizkaiko Parke Teknologikoan egindako Batzarrean, Basque Health Clusterreko zuzendaria den María Pascual de Zulueta adierazi zuenez, aurreko ekitaldian nabarmen handitu zen sektoreko enpresen eskaera-zorroa, batez ere dagoeneko merkatuan produktuak edo zerbitzuak dituzten enpresen artean. Horrela, sektorearen fakturazioa % 8 hazi zen, 1.880 milioi euroetara iristeraino, eta bilakaera hori aurten maila berean mantentzea aurreikusten da.
Euskal Bioklusterraren urteko topaketak – Euskadiko sektoreko ia ehun enpresa biltzen dituena – Osasunari lotutako produktuen eta zerbitzuen kanporako salmenten gorakada nabarmentzeko balio izan zuen. Esportazioak %18 hazi ziren, Covid19 pandemiak eragindako krisiaren ondorioz 2020an izandako etenaldiaren ostean. Izan ere, enpresa hauen fakturazioaren % 24 esportazioetatik dator (osasunaren asistentzia-zainketetan edo healthcare-etan bildutakoak izan ezik). Aurtengorako, berriro ere, Basque Health Clusterreko enpresa esportatzaile guztiek atzerriko merkatuetan salmentak areagotzea aurreikusten da.
Enpleguaz eta salmentez gain, I+G+b-n egindako inbertsioaren jokabidea ere oso esanguratsua izan zen 2021ean. Iaz, partida hau orain arte erregistratutako zifrarik altuenera iritsi zen, 170 milioi euro baino gehiagoko bolumenarekin, urteko % 14,5eko hazkundearekin.
Erronkak eta oztopoak
Cristina Oyonek, SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko zuzendariak, Bioklusterraren Urteko Batzarraren ondoren hitzaldi bat eman zuen, eta bere hitzañldian honakoa nabarmendu zuen, “beharrezkoa dela I+G+Bren ahalegina eta kalitatea handitzea, enpresa bultzatzaileen potentziala aprobetxatzea beren balio-kateekin jasangarritasunari eta eraldaketa digitalari aurre egiteko, eta oraindik ustiatu gabeko talentua bilatzea, emakumeek industrian gehiago parte hartzea ekar dezakeena.”
Bestalde, Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomia Sustapeneko foru diputatuak Batzarraren osteko hitzaldian nabarmendu zuenez, “Bizkaiko Foru Aldundiak trantsizio demografikoaren eta iraupen luzeko zainketen buru izateko apustu sendoa egin du Nagusi Intelligence Center (NIC) bezalako proiektuekin. Etorkizuna doakigu horretan, eta Basque Health Clusterreko enpresak eta profesionalak ditugu, enplegua, ezagutza eta berrikuntza sortuko dituen jarduera-sektore berri bat bultzatzeko.”
Basque Health Clusterreko zuzendariak, María Pascual de Zuluetak, sektoreko enpresentzat, bai Euskadikoentzat, bai Europar Batasun (EB) osokoentzat, “Oztopo” gisa identifikatu zuen “CE marka eskuratzeko osasun-produktuen arau-eskakizun berriek dakarten kolapsoa, orain arte baino askoz zorrotzagoak direnak.”
Bere hitzaldian, Pascual de Zuluetak Europar Batasuneko araudi berriaren eskakizunei jarraituz akreditazio-erakundeen falta ere nabarmendu du. Era berean, laborategiko material eskasiarekin edo lehengaien prezioen igoerarekin eragindako arazoak nabarmendu ditu.
BHCren Zuzendaritza Batzordea berritzea eta 2022rako erronkak
Basque Health Clusterreko Batzarrak Zuzendaritza Batzordea berritzea onartu zuen, eta orain Asier Albizu Biolan Healtheko CEOa da presidentea, Mondragon Unibertsitateko presidente Mikel Alvarezeri lekukoa hartu diona. Bestalde, Histocelleko Julio Fontek klusterreko lehendakariorde izaten jarraitzen du beste bi urtez.
Gainera, Bexen Medicaleko María Eugenia Puertas, eta Biobideko Arantza Muriana arduratuko dira klusterraren Diruzaintzaz eta Idazkaritzaz, hurrenez hurren. Gainera, Basque Health Clusterreko zuzendaritza-batzordeak beste 10 kide eta 2 ohorezko bazkide ditu, SPRI eta BIOEF (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Osasun Sailei atxikiak), bai eta VICOMTECH ere, ZTBESren zentro teknologiko gisa.
2022. urteari begira, Basque Health Clusterreko presidente izendatu berri den Asier Albizuk, gailu medikoen (MDR) eta in vitro diagnostikorako gailu medikoen (IVDR) Araudi berriari aurre egiteko erronka azpimarratu du. Araudi hauek, eragile ekonomikoen eta erabiltzaileen konfiantza berrezartzeko etorri diren arren, “egia da, halaber, hauen ezarpena sektoreko enpresen giza baliabide eta baliabide ekonomikoen esfortzu handia suposatzen ari dela eta produktu berriak merkaturatzeko edo jada merkaturatuta daudenen eskakizun erregulatzaileetara egokitzeko zailtasunak anitz direla.
Beste erronken artean, Asier Albizuk, sektorearen lehiakortasun eta posizionamendu handiagoa lortzeko lankidetza, publiko-pribatu zein pribatu-pribatua, indartu beharra nabarmendu du. Eta hori guztia, jakina, ingurumen eta gizarte iraunkortasunaren esparruaren barruan, “eraginkortasun eta produktibitate handiena bilatuz eta digitalizazioaren aldeko apustua eginez. Hauek inbertsio garrantzitsuak eskatzen dituzten gakoak bait dira”.