ISMORE sistemaren garapenagatik jasotako errekonozimendua EARTO Sarien “Impact Expected” kategorikoa izan da.
Basque Health Cluster-en bazkidea den Tecnalia zentro teknologikoak sari bat jaso du Europan paralisia duten pazienteen garuna, muskuluak eta mugimenduak berriz ere konektatzen dituen sistema berritzaile baten garapenagatik: nerbio sistema hackeatzen du eta mugimendu intentzioa deskodifikatzen du artikulazioen kontrola berrezartzeko.
ISMORE sistemak terapia eraginkorra eskaintzen die pazienteei, mugimendu funtzionalak egiteko aukera emanda eta, aldi berean, objektuekin interakzioak izatea ahalbidetuta. Sistema honek neuroplastizitate funtzionala aktibatzen du eta, horri esker, egungo errehabilitazio terapiak nabarmen hobetzen dituen tratamendu pertsonalizatu ez inbaditzailea lortzen da.
Teknologia honi esker % 30ean murrizten dira errehabilitazio kostuak, eta baita pazientearen ospitaleratze denbora ere. Teknologia honen aplikazioak gizartean izan dezakeen inpaktua izan da EARTOk gure ikerketa zentroari saria ematearen arrazoi nagusia.
Istripu zerebrobaskularrak
Istripu zerebrobaskularraren intzidentzia eta prebalentzia konpondu gabeko arazoak dira eta epe luzerako desgaitasun larrien jatorri nagusietako bat. Europan, ia zortzi milioi paziente larri eta kroniko daude. Kostuak 34.000 milioi dolar inguruan zenbatetsi dira mundu osoan.
Egungo errehabilitazio terapiak ez dira behar adina efizienteak; tratamenduak bortitzagoak dira. Arazoa kliniken, osasun sistemen eta aseguruen esku utzi da eta horiek ordaindu behar izaten dituzte errehabilitazioaren kostuak, paziente bakoitzeko milaka eurokoak direnak.
Proiektu hau Tübingen-go Unibertsitatearekin, California Berkeley Unibertsitatearekin, Bruselako Unibertsitate Librearekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Sistemarekin, Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Donostia Unibertsitate Ospitalearekin, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearekin Biodonostia OIIarekin eta SCReN plataformarekin lankidetzan garatu da.
EARTO saria berrikuntzari
EARTO 1999. urtean sortu zen Europako Ikerketa eta Teknologia Erakundeen Elkartea da. Sareak 350 RTO (Research Technology Organization) baino gehiago ditu 20 herrialde baino gehiagotan banatuta.
EARTO sareko kideek kualifikazio handiko 150.000 ikertzaile baino gehiago dituzte barne eta berrikuntza azpiegitura sorta zabala kudeatzen dute. 2009az geroztik, EARTOk urteko ematen du bere Berrikuntza Saria: bere kideen arteko berrikuntzarik onenak saritzen ditu eta egungo ekonomian eta Europako berrikuntzaren alorrean duten eginkizuna azpimarratzen du.
“Impact Expected” kategoriako irabazlea Finlandiako VTT erakundea izan da, “Eggs without chickens” proiektuagatik, eta hirugarren saria Suediako RISE erakundeak lortu du “Super filaments” proiektuari esker.
Informazio gehiago
- EARTO Innovation Awards 2020 Brochure (ingelesez)
- EARTO Innovation Awards 2020 prentsa oharra (ingelesez)
Ingelesez: