Histocell euskal enpresa biofarmazeutikoak eta Cardiva taldeak, biak ere Basque Health Cluster-en bazkideak, indarrak batu dituzte zauriak sendatzeko Reoxcare osasun produktu berritzailea Espainia osoko osasun sisteman sartzeko.
Medikuntza erregeneratiboan espezializatuta dagoen Histocell euskal enpresa biofarmazeutikoak Reoxcare produktua garatu du eta fabrikatzen du. Osagai naturalekin egindako tratamendu antioxidatzaile honek zauri kronikoak sendatzen ditu, oxidazio estresa ikertzen urteak eman ondoren.
Histocell enpresak Reoxcare ekoizten du Larrabetzun (Bizkaia) 2018an inauguratu zuen osasun produktuen fabrikaziorako instalazioan. Ospitale sistemarako osasun produktuen merkaturatzean espezializatuta dagoen Cardiva taldearekin sinatu duen akordio honi esker, Histocell-ek bere merkataritza gaitasuna sendotuko du herrialde osoan zehar.
“Oso akordio garrantzitsua da hau Histocell-entzat, medikuntza erregeneratiboko produktu berritzaileen garapenean eta fabrikazioan diharduen enpresa honen estrategia indartzen baitu. Histocell-ek osasun produktuen banaketan liderrak diren enpresekin lankidetzak ezartzearen aldeko apustua egin du, Cardiva-ren kasuan bezala, Histocell-en Reoxcare produktua merkaturatzeko”, Julio Font – Histocell.
Cardiva taldeak Reoxcare Espainia osora banatuko du Lezamako enpresa eremuan kokatuta dagoen bere biltegi zentraletik. Konpainiaren presidenteak, Ignacio Vegak, honakoa azpimarratu du: “Cardiva taldeak hartu duen medikuntzako soluzio berritzaileak pazienteen eskura jartzeko konpromisoaren emaitza da akordio hau, osasuna hobetzeko eta gure jarduera esparruetako arlo terapeutikoetan gertatzen diren aurrerapenen aitzindari izateko helburuarekin”.
Lankidetza honi esker Reoxcare produktu berritzailea herrialde osora iritsiko da. Orain arte Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Galizian merkaturatu da, Osakidetza (Euskal Osasun Zerbitzua) eta Osasunbidea (Nafarroako Osasun Zerbitzua) izanda egungo bezero nagusiak.
2020an, Reoxcare iritsi zen Euskal Autonomia Erkidegoko osasun sistemaren ESIen % 60ra, eta Iruñeko Osasun Eremura, Nafarroako Foru Erkidegoko handiena, alegia. Honela, 2019ko salmentak bikoiztu egin ditu eta salmenta horiek hirukoiztea espero du 2021ean, Cardiva taldearekin izenpetutako akordioari esker.
Akordio honekin Histocell enpresak are gehiago zabaldu du hainbat nazioarteko herrialdetan duen banatzaileen sarea, hala nola Herbehereetan, Italian, Kolonbian, Txilen eta Mexikon. Herrialde hauei laster gehituko zaizkie ere Txina, Singapur, Malasia eta Egipto.