Europako iCare proiektuak in vitro ereduak eta nanomaterialek nerbio-sisteman duten eragina zehaztu eta aurreikus dezaketen metodoak garatuko ditu.
GAIKER Zentro Teknologikoa Basque Research & Technology Alliance, BRTAko kidea da, eta Europako iCare – Integrated Assessment and Advanced Characterisation of Neuro-nanotoxicity proiektuan parte hartzen du. Proiektu horren helburu nagusia da nanomaterialek nerbio-sisteman duten eragina ezaugarritu eta aurreikus dezakeen sistema integratu bat garatzea, haien toxikotasuna prebenitzeko.Ikerketa honetan, bereizmen handiko irudiak lortzeko hainbat metodo aztertuko dira. Metodo horiek nanomaterialen morfologiaren, konposizio kimikoaren eta erreaktibitatearen aldaketak ebaluatzeko erabiliko dira, ingurumen-esposizioa eta esposizio biologikoa imitatzen duten matrize homogeneo konplexuen eraginpean jartzen direnean. Halaber, industriaren esku jarriko diren tresna eta prozedura garrantzitsuak garatuko dira.
iCare joan den urtarrilean hasi zen eta 48 hilabeteko iraupena izango du. Zehazki, honako hauetan egingo du lan:
- Bereizmen eta gainbereizmen handiko irudiak lortzeko prozedura berriak garatzea.
- Proba toxikologikoak egiteko eta nanotoxikologian dauden hutsuneak murrizteko jarraibideak sortzea.
- In vitro eta in vivo proben arteko desberdintasunak murriztuko dituzten tresnak eta prozedurak sortzea.
- Datu fidagarriak ematea eta datu horien jakinarazpena hobetzea.
- Saiakuntza-prozedura normalizatuak eta estandarizatuak sortzea, arau-esparruetan erabiltzeko.
Europar Batasunak finantzatzen du, HORIZON EUROPE programaren testuinguruan. Proiektu hau INL nanoteknologiako nazioarteko laborategi iberikoak gidatzen du, eta nazioartean beste 10 bazkidek parte hartzen dute, besteak beste, GAIKERek. Nanotoxologian aditua denez, in vitro metodo eta eredu berriak garatzeaz arduratuko da, nanomaterialen neurotoxikotasuna eta giza osasunerako zein ingurumenerako material aurreratuak aztertzeko.
Nanomaterialen erabilera industrian handitu egin da azkenaldian, aplikazio jakin batzuetan dituzten onurengatik. Hazkunde hori dela eta, funtsezkoa da nanopartikulak askatzeak gizakien eta ingurumenaren osasunean izan ditzakeen ondorioei buruzko azterketak egitea, prebentzio-metodo egokiak garatu ahal izateko.