Alemaniako enpresa farmazeutikoak Viralgen enpresaren jabea den AskBio enpresa estatubatuarra erosi du Columbus arrisku kapitaleko funtsarekin batera, zati berdinetan.
Hori da BAYER enpresak jarraitu duen estrategia terapia geniko biralaren alor berritzailean sartzeko. Enpresa alemaniarrak Columbus funtsari erosiko dio ere haren Viralgen enpresaren zatia, hartara Viralgen-en jabe bakar bihurtuta.
Printzipioz, Columbus funtsak BAYER enpresari salduko dio enpresa bioteknologikoaren ekoizpen negozioa garatzen duen Viralgen Clínica-n duen partaidetza, baina Viralgen Comercial-en jarraituko du.
Viralgen-eko zuzendari nagusiak, Javier Garcíak, ziurtatu du aldaketarik gabe mantenduko direla enpresaren jarduera, kokalekua, egoitza soziala eta proiektua.
Eusko Jaurlaritzak, Viralgen enpresan bost milioi euroko inbertsioa egin duenak, bere oniritzia eman zion atzo erosketari. Garapen Ekonomikoko sailburuak, Arantxa Tapiak, adierazi zuen mugimendu honekin ireki egin direla “zabalkuntza eta hazkunde aukera berriak eta potentzial handiagokoak azken hogei urteetan gure aldeko apustua izan duen sektore honetan”.
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Tapiak berak Gasteizen eman zieten harrera Viralgen enpresako zuzendaritza taldeari eta talde zientifikoari, Javier García CEOa buru zutela. Eusko Jaurlaritzak ohar batean azaldu zuenez, bileran zehar Garcíak azaldu egin zuen Viralgen Bayer talde farmazeutikoaren barne sartuko duen eragiketa, betiere Viralgen-en egoitza Donostiako Miramon parke teknologikoan mantenduta eta alor biosanitarioan eta genikoan oinarritutako proiektu estrategiko berarekin jarraituta.
Pasa den urtean, Viralgen enpresak 50 milioi euroko inbertsioa iragarri zuen bektore biral terapeutikoen ekoizpen instalazio berri bat eraikitzeko, Donostian, 2022. urtetik aurrera funtzionamenduan egongo dena.