Hauek izan dira saritutako profesionalak: M.ª Ángeles Ibarrondo, EAEko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria; María A. Blasco, Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionaleko (CNIO) zuzendari zientifikoa; Susana Marcos, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko (CSIC) Optika Institutuko Optika Bisual eta Biofotonikoko Laborategiko zuzendaria; Gema Climent, Nesplorako I+Gko zuzendaria; eta Ana Maiques, Neuroelectronics-eko CEO.
Osasun Teknologiako Enpresen Espainiako Federazioak, Feninek, Smart Woman Forum & Awards ekitaldiaren bigarren edizioa ospatu du. Ekitaldi horretan, emakumeek Osasun Teknologiako berrikuntzaren arloan egindako ekarpena aitortu da, genero-berdintasunerantz aurrera egiteko beharra ikusarazi da eta bost emakume saritu dira ibilbide profesional aintzatetsiagatik. Ekitaldia Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko auditorioan egin da, eta Fenin eta Osasun Teknologiako industriako ordezkariek, Administrazio Publikoko ordezkariek eta osasun arloko profesionalek parte hartu dute.
Topaketaren buru Raquel Yotti izan da, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko Ikerketako idazkari nagusia eta aurreko edizioko Berrikuntzako Ibilbide Profesional Onenaren saria jaso <uena, eta hitzaldi magistrala eman du. Yottik nabarmendu duenez, «kliniko ikertzaileek funtsezko lana egiten dute gure osasun-sistema nazionalean, baina azken hamarkadan ikusten da ibilbide kliniko-zientifikoak garatzea aukeratzen duten pertsonen kopurua murrizten ari dela, eta abandonu-tasak neurriz kanpokoak direla emakumeen artean, batez ere beren karrera profesionaleko une erabakigarrietan». Hori dela eta, adierazi du «beharrezkoa dela emakumeek aurkitzen dituzten oztopo gehigarriak identifikatzea, hala nola erakundeen babesik eza, garapen profesionalerako aukera mugatuak izatea, genero-estereotipoen iraunkortasuna edo zainketen banaketa familian».
Fatima Matute Madrilgo Erkidegoko Osasun sailburuak ere babesa adierazi nahi izan dio Osasunean berritzailea den emakumeen talentuari. «Smart Woman Forum & Awards sariek gure ikertzailerik onenei ikusgarritasuna eta aurpegia emateko aukera ematen dute, eta, horrez gain, gure osasunaren garapenerako egiten duten lanaren garrantzia aitortzen dute». Era berean, Madrilgo sailburuak eskertu egin du «berrikuntzan eta osasun-teknologian erreferenteak diren enpresek sistemarako funtsezko pieza gisa duten eginkizuna».
Gotzone Sagarduy Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun sailburuak ere parte hartu du ekitaldian, eta Marian Ibarrondo — edizio honetan saritua — eta Osakidetzako eta osasun-ikerketako institutuetako profesionalak zoriondu ditu. Era berean, saria Osasun Sailak eta Eusko Jaurlaritzak arlo horretan bultzatzen dituzten politiken «bultzada» gisa kalifikatu du. «Gure helburua — gaineratu du —, eta, aldi berean, zerbitzari publikoak garen aldetik, gure betebeharra da, eta hala izaten jarraitu behar du, osasun-arloko berrikuntza eta ikerketa, lehentasunez, osasun-sistemaren eta biztanleriaren beharretara bideratuta egon behar dela ahaztu gabe».
Margarita Alfonsel Fenineko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, «ekitaldi honen helburua emakumeak osasun-sisteman duen papera aitortzea da, eta Federazioak I+G+B biosanitarioa emakumeen azentuarekin ikusarazteko eta sustatzeko duen konpromisoaren beste adibide bat dira, emakumeen aukera-berdintasunean aurrera egiteko borondatearen ildotik».
Madrilgo Erkidegoko Hezkuntza, Zientzia eta Unibertsitate Kontseilaritzatik, berriz, Ana Ramírez de Molinak, Unibertsitate, Ikerketa eta Zientzia sailburuordeak, adierazi du «beharrezkoa dela emakumeek zientzian eta enpresa- eta ekoizpen-sektoreetan duten presentzia handitzea”. “Gure Sailean Zientzia eta emakumearen protagonismoa sustatzeko konpromisoa dugu» gaineratu du.
Bestalde, Patricia Cuencak, Carlos III Madrid Unibertsitateko Berdintasuneko errektoreordeak adierazi duenez, «Unibertsitatearentzat oso garrantzitsua da, ikerketa, ekintzailetza eta berrikuntza bultzatzeko Feninekin duen lankidetzaren esparruan, genero-berdintasunarekiko konpromisoa erakusten duen Smart Woman Forum & Awards ekimenaren edizio berri bat hartzeko eta babesteko aukera».
Bost ibilbide eredugarri
Topaketan bost sari banatu dira Osasun eta Berrikuntza arloan ibilbide ospetsuak dituzten emakumeentzat, hainbat kategoriatan.
Sergio Muñoz Fenineko Berrikuntzako, Osasun Digitaleko eta Teknologia Emergenteetako zuzendari eta Osasun Teknologiako Berrikuntzaren Espainiako Plataformaren koordinatzaileak – sari horien sustatzailea – azpimarratu duenez, «ekitaldi hau Plataformak Osasun Teknologiaren sektorearen aurrerapenaren elementu dinamizatzaile gisa duen zereginaren erakusgarri da, baita berdintasunaren arloan ere, berrikuntzaren eskutik soilik etor daitekeena eta osasun-sistema osatzen duten eragile guztien lankidetza eskatzen duena, ospitale-eremukoa, publikoa zein pribatua, akademikoa eta industriala».
M.ª Ángeles Ibarrondo biologoak Berrikuntzan Ibilbide Profesional Onenaren Saria jaso du, osasun eta teknologia arloko proiektuei egindako ekarpenengatik. Besteak beste, Berrikuntzako zuzendaria izan da Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean — Europako berrikuntzako erreferentea —, eta, gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria da. Ibarrondorentzat, «saria milaka berritzaile eta ikertzaileren lanaren aintzatespena da, eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, batez ere ikertzaileena, Euskadi aurrerapen zientifikoaren eta berrikuntzaren abangoardian egotearen benetako egileak baitira, baita osasunaren esparruan ere».
Zientzia eta Teknologia Zuzendaritza Onenaren Saria María A. Blasco Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionaleko (CNIO) zuzendari zientifikoari eman zaio, bere ibilbide profesionalagatik. Bertan, bere ikerketa-taldea ezarri du Bioteknologiaren Zentro Nazionalean edo Onkologia Molekularreko Programa eta CNIOko Telomero eta Telomerasa Taldea zuzendu ditu. «Sari honek berdintasunezko gizarte bidezkoago baterantz aurrera egiteko nahia adierazten du. CNIOn, genero-berdintasuna eta aniztasuna lehentasuna dira, gure erabaki bakoitzari aplikatzen diogun printzipioa, eta gure lanean produktiboagoak eta zoriontsuagoak izaten laguntzen duena», nabarmendu du.
Bitartean, Susana Marcosek, Ikerketa Zientifikoen Kontseiluko (CSIC) Optika Institutuko Ikerketa irakasleak, Ikertzaile Onenaren Saria jaso du, begiaren propietate optikoak eta egiturazkoak ebaluatzeko teknika ez-inbaditzaileei buruz egindako lanengatik. Gaur egun, bere proiektuetako batek begi barruko lente bat garatu nahi du, begiak presbiziari aurre egiteko etengabe fokatzeko duen gaitasuna berdintzeko; izan ere, Europako 209 milioi pertsonari eragiten die. «Smart Woman Awards sariek zientziara hurbiltzeko ikuspegi adimenduna adierazten dute: galdera egokiak egitea eta metodologia berriekin berritzea, estali gabeko behar kliniko bati heltzeko, eta beste ikertzaile batzuentzat jarraitu beharreko eredugarri izan nahi dute», azaldu du Marcosek.
Garapen Zientifiko Onenaren Saria Gema Climent psikologo eta neuropsikologo klinikoari eman diote. Bere ekarpenen artean, nabarmentzekoak dira ebaluazio neuropsikologikoko lau test, bideojoko bat duen bullying-a prebenitzeko sistema bat eta minaren distrakziorako eta antsietatearen maneiurako eredu bat garatu izana. Nerabeen artean jokabide matxistak prebenitzeko aplikazio teknologikoak eta bideojokoak gauzatzen ere lagundu du. 2008an Nesplora sortu zuen, teknologia eta ebaluazio kognitiboan espezializatutako enpresa, adimen artifizialaren bidez. Climentek azpimarratu duenez, «aitorpen horrek nabarmentzen du osasunaren arloan irtenbide teknologikoak inplementatzeko ikuspegi arduratsu baten garrantzia, bai profesionalengan bai azken erabiltzaileengan konfiantza sortuz».
Ana Maiques, CEO & cofounder de Neuroelectris enpresak Ekintzailerik Onenaren Saria jaso du neurozientziarekin zerikusia duten produktuak garatzen eta merkaturatzen dituen enpresa hau sortzeagatik, besteak beste, hari gabeko elektroentzefalograma bat eta garun-estimulazio ez-inbaditzaileko gailu bat, epilepsia, narriadura kognitiboa, Alzheimerra eta beste gaixotasun batzuk dituzten pazienteei laguntzeko. Maiquesen ustez, aitortza horrek «genero-oztopoak gainditzeko ezin hautsizko determinazioaren, erresilientziaren eta autokonfiantzaren beharra indartzen du», eta «enpresa-mundu inklusiboago baterako bidea inspiratzen eta errazten jarraitzen duten ekintzaile guztiei» eskaini nahi izan die.
Emakumearen rola berrindustrializazioan osasun-arloan
Sarien banaketarekin batera, mahai-inguru bat egin da, “Emakumearen papera osasun-sistemaren berrindustrializazioan eta eraldaketan” izenburupean. Margarita Alfonselek moderatu du, eta honako hauek parte hartu dute: Julio Mayol, Kirurgiako katedraduna, Surgeryko editorea eta BJS Societyko idazkaria; Cristina Castejón, MAQLAB Taldeko ikertzailea eta Madrilgo Carlos III Unibertsitateko Ekintzailetza eta Ikerketa Programa Propioko errektoreordea; eta Idoia Muñoz, Basque Health Clusterreko zuzendaria.
Ekitaldi hau Teknologia Sanitarioaren sektoreko genero-arrakalari buruzko sentsibilizazio- eta informazio-jarduera batzuen barruan kokatzen da. Jarduera horiek Feninek sektore sanitarioan genero-berdintasunean aurrera egiteko abian jarritako «Berrikuntza Teknologia Sanitarioan eta Emakumean» proiektuaren parte dira. Ekimen hori bat dator NBEren Garapen Jasangarriko Helburuekin (5. GJH: Genero Berdintasuna).