Pasa den ekainaren 4an, ostirala, inauguratu zen Euskal Osasun Kluster Elkarteko bazkidea den enpresa gipuzkoarraren egoitza berria. Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan zuen ekitaldira bertaratu ziren Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia, Eneko Goia, Donostiako alkatea, eta Denis Itxaso, Gobernuaren ordezkaria. Horrez gain, hainbat enpresa eta erakundeko ordezkari ugari ere gonbidatu zituzten ekitaldira.
Instalazio berriak Miramonen dagoen Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoko Tandem eraikinean daude kokatuta. Egoitza berriaren 3.000 m2 eta 7 areto zuriekin, lentibirus bektoreen ekoizpena 30 aldiz areagotu ahal izatea espero dute. Horretarako, konpainiak 85 langile berri kontratatzea aurreikusi du urtea amaitu baino lehen. Langile berriak esperientzia handiko birologoek eta profesional gazteek osatutako taldearekin bat egingo dute. Konpainiaren helburua da euren ibilbide profesionala abangoardiako enpresa bioteknologiko batean garatu nahi duten lurraldeko zein Gipuzkoatik kanpoko pertsonak kontratatzea.
VIVEbiotech enpresari buruz
Enpresa donostiar hau da Espainian lentibirus bektoreak garatu eta ekoizten dituen bakarra. VIVEbiotech-en espezialitatea da lentibirus bektoreak garatu eta fabrikatzea hainbat gaixotasuni aurre egiteko terapietarako, hala nola minbizi hematologikoak (leuzemiak, linfomak, mielomak, etab.), tumore solidoak, gaixotasun hematologiko eta metabologiko arraroak edo immunoeskasia primarioa, besteak beste.
Gaur egun, VIVEbiotech enpresak Estatu Batuetako, Europako, Asiako eta Australiako 20 nazioarteko bezero baino gehiago ditu eta lentibirus bektoreak ekoizten ditu Europako EMA eta Amerikako FDA araudi zorrotzenen arabera.