- Lourdes Verdes-Montenegro granadarrak irabazi du Emakume Teknologoarentzako AdaByron sariaren bederatzigarren edizioa, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak antolatua. AdaByron saria, gazteen kategorian, Julia GuiomarNiso kataluniarrak irabazi du.
- Sariak Microsoft du urrezko babesle, eta harekin batera, ondoan ditu Bizkaiko Foru Aldundia, Danobatgroup eta Emakunde. Bestalde, laguntzaile ditu Innobasque eta Basque HealthCluster. Sari banaketa patzo izan zen, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean.
Lourdes Verdes-Montenegro Zientzia Fisikoetako doktorea da, Granadako Unibertsitatean. Haren ikerketa ibilbideak, funtsean, galaxien bilakaeraren maiztasun anitzeko azterketa du ardatz, eta arreta berezia jarri du behaketa irrati-astronomikoetan. 1998an, CSICeko zientzialari titular plaza bat lortu zuen, Galaxietako Izarrarteko Inguruneari lotuta eta ikerrildo hori jarri zuen abian IAA-CSICen (gaur egun Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa). 2003an, galaxia isolatuen lagin bat eraiki eta karakterizatzeko beharra identifikatu zuen eta horretarako AMIGO (galaxia isolatuetako izarrarteko ingurunearen azterketa) diziplina anitzeko ikertaldea osatu zuen. Horrela, nazioarteko ikerrildo berri bat sortu zuen. 2011n, irrati-astronomiaren erronka nagusian sartu zen: SquareKilometre Array (SKA) eraikitzea, munduko irrati-teleskopiorik handiena. Espainiak SKAn duen parte hartze zientifiko eta teknologikoa koordinatzen duen planeta mailako proiektu batean parte hartzeak aukera bikaina eman dio Afrikan profesionalak prestatzen laguntzeko eta STEM bokazioak sustatzeko.
Bestalde, Julia Guiomar Nisok irabazi du AdaByron sariaren gazteentzako edizioa. Telekomunikazio Ingeniaritzan lizentziaduna da Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko ETSITen eta Ingeniaritza Biomedikoko doktorea, unibertsitate bereko Teknologia Biomedikoko Zentroan. Garunaren dinamika du ikergai nagusi eta, esparru horretan, elektrofisiologiaren arloan lan egiten du. Ikerketa proiektu garrantzitsu askoren buru izan da; horien artean aipatzekoak dira Alzheimer gaixotasunaren markatzaile goiztiarren azterketa, garuneko seinale elektromagnetikoetatik abiatuta; HERMES proiektua, garuneko konektibitatea aztertzen duena, datu neurofisiologikoetatik abiatuta; eta Brainstorm, garuneko seinaleen ingurukoa. Guiomarrek, eremu klinikoan, gaixotasun neurologikoak ere aztertzen ditu, esate baterako, epilepsia edo Alzheimerra. Haren ikerketaren kalitatea zenbait sarik aintzatetsi dute dagoeneko, horien artean, AxaPosdoctorfellowshipGrant (2017) edo Lewis Reford Fellows TravelAward (2015).
Ehun eta berrogeita hamar hautagai baino gehiago
Epaimahaiak 154 hautagaitza jaso eta aztertu ditu, AdaByron sariaren IX. edizio honetarako. Horietatik, 117 sari nagusirako hautagaiak izan dira, 3.000 eurokoa da saria. AdaByron Gaztea sarira 37 hautagaitza aurkeztu dira; kasu horretan, saria 1.000 eurokoa da.
Edizio honetako profiletan azpimarratzekoak dira ekoizpen zientifiko zabala, nazioarteko izaera eta esperientzia, edo herritarren bizi kalitatea hobetzera bideratutako ikerketa aplikaturako bokazioa. Era berean, eta bereziki AdaByron Gaztea sarirako hautagaien artean, zabalkunde zientifikorako protagonismo berezia dute multimedia plataformek edo sare sozialek.
Ohikoa den bezala, hautagaiak herrialde eta prestakuntza esparru askotakoak dira. Aurten, bereziki nabarmendu behar dira Astrofisika, Fisika, Informatika eta konputazioa, Elektronika eta Ingeniaritza Biomedikoaren esparruko profesionalak.
Sei herrialdetan zabalduta dagoen saria
Emakume Teknologoarentzako AdaByron saria orain dela bederatzi urte sortu zuen Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak, ikerketa esparruan eta garapen teknologikoan emakumezkoen bokazioak sustatzeko, bizitzako eta gizarte garapeneko esparru guztietan teknologiari dagokion ospea emateko, baita lan eta ikasketa horiek emakumeek egin izanak zelako ekarpena egin dion gizateriari erakusteko eta balioa aitortzeko ere.
Aurreko edizioetan, hauek izan ziren irabazleak: Montserrat Meya, adimen artifizialeko eta itzulpen automatikoko aditua; AsunciónGómez, “teknologia semantikoen” ikertzailea; Nuria Oliver, Telefónicako I+G-ko zuzendaria; Regina Llopis, Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) Adimen Artifizialera Aplikatutako Matematikako doktorea; María Ángeles MartínPrats, Sevillako Unibertsitateko Ingeniaritza Elektronikoko saileko irakasle titularra; Concepción Alicia Monje Micharet, Robotikako ikertzailea eta Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko irakasle titularra; Laura MaríaLechuga, Kimika Zientzietako lizentziatua eta COVID-19aren inguruko ikasketetako europar proiektuetako bateko koordinatzailea; eta Elena García Armada, industria ingeniaritzan doktorea, CSICeko ikertzaile zientifikoa eta MarsiBionics-eko presidentea.
AdaByron sariaren gazteen irabazleak izan dira Ana Freire, ingeniaria eta Informatikako doktorea, eta PompeuFabra Unibertsitateko (Bartzelona) Ingeniaritza Eskolako ikertzailea eta irakaslea; Susana Ladra González, Informatikako doktorea eta Matematikako graduduna; eta Jordina Torrents, Pompeu Fabra Unibertsitateko doktorea adimen artifizialean.
2019an, Deustuko Unibertsitateak nazioartera zabaldu zuen AdaByron saria. Hala, urte horretan Mexikoko saria eman zuen; 2020an, Argentinakoa; eta 2021ean, Uruguai eta Kolonbiakoa. Aurten, saria Txilen ere emango du; datorren irailean aurkeztuko da bertan. Hortaz, saria sei herrialdetan ematen da. Unibertsitateak espero du, epe ertainera, Europa eta Latinoamerikako beste herrialde batzuetara zabaltzea, eta epe luzera, nazioarte mailako sari bat ematea.