Osasuneko Sailburuak lan-bilera izan du Basque Health Cluster-ekin
Gotzone Sagardui, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko Sailburua, Mikel Álvarez, Basque Health Clusterreko presidentearekin bildu da gaur goizean, Bizkaiko lurraldeko osasun-egoitzean, Bilbon. Topaketan zehar, Euskadiko osasun-sektorea garatzeko elkarlanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute. Hala, gaurtik aurrera, BIOEF Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioa, zeina Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren barruan baitago, Basque Health Clusterreko ohorezko bazkide izango da, eta ordezkaritza zuzena izango du haren zuzendaritza-batzordean.
BIOEF klusterrarekin, Euskadiko biozientzien eta bioosasunaren sektoreko enpresa eta erakundeak ordezkatzen dituen elkarteak dagoeneko ia ehun bazkide ditu.
Ohorezko bazkidearen figura Basque Health Clusterraren estatutuetan jasota dago, haren ospea edo elkartearen garapenean ekarpen nabarmena egin duelako. Izan ere, SPRI 2010ean Klusterra eratu zenetik parte hartzen du ohorezko bazkide gisa, Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren ordezkari gisa, eta elkartearen zuzendaritza-batzordean parte hartzen du.
Topaketan Bioosasuneko Euskadiko Klusterreko kideek eta BIOEF Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioko kideek parte hartu dute, eta hartan adierazi dute BIOEFek Basque Health Clusterrean izango duen zuzeneko parte hartzeari esker abian jarri ahalko direla bi erakundeetako ikerketa-talde eta -multzoen eta ikertzaileen arteko lankidetza eta elkarlan estuagoko eskemak. Lankidetza hori Euskadiko, Estatuko eta nazioarteko I+G+b proiektuetan sendotuko da, eta, lankidetza hori sendotzeko, haien plataforma zientifiko-teknologikoen zerbitzuak, saiakuntza eta baliozkotze klinikoak, elkarren arteko aholkularitza eta prestakuntza eskainiko dira.