Pandemiaren urtean, bioosasunaren sektorea izugarri nabarmendu da. Baita Euskadin ere. Sektoreko 200 bat euskal enpresen enplegua eta fakturazioa % 5 inguru handitu da, aurreko bi ekitaldietan izandako ia bilakaera bera. Basque Health Cluster-ek enpresa horietako ehun inguru biltzen ditu, eta, haren aurreikuspenen arabera, sektorea % 50 haziko da 5 urtean, eta euskal BPGd-ren % 3ra iritsiko. Horretarako, “tokiko industria ahaltsu” bat garatu nahi da, enplegu oso espezializatua sortuko duena eta COVID-19arekin bizi izandakoaren moduko beste osasun-alerta batzuen aurrean “0 kilometroko” ekoizpen-ahalmena eskainiko duena.
Euskadiko bioosasunaren sektoreak bizi duen une gozoak 2020an, COVID-19aren urtean, enpleguak nabarmen gora egitea ekarri du berekin. Azken urtean, sektore horretan diharduten Euskadiko ia 200 enpresek ia-ia 400 lanpostu berri sortu dituzte.
Kopuru hori 2019koa baino % 5 handiagoa da, azken urteotako bilakaeraren harira, % 4 eta % 8 artekoa izan baita urte bakoitzeko hazkundea. Guztira, Euskadiko bio-osasunaren alorreko enpresen sektoreak ia 8.100 pertsonari ematen die lana dagoeneko, eta lanpostu gehienak espezializazio- eta profesionalizazio-maila handikoak dira (doktoregoak, bizitzaren zientzietako eta ingeniaritzetako masterrak).
María Pascual de Zulueta Basque Health Cluster-en zuzendariak adierazi duenez, “Euskadin, zientziaren eta ingeniaritzaren alorretako profesional handiak ditugu, baina zenbait prestakuntza-gabezia hauteman ditugu arauekin, kalitatearekin eta datuen azterketarekin erlazionatutako alderdiei dagokienez, eta datozen urteetan halako profilak eskatuko dira”.
Haren ustez, “Euskadiko bioosasunaren sektorea nagusiki emakumezkoena da, batez ere farmaziaren, bioteknologiaren, osasun-zainketaren eta ikerketaren alorretan”. Alabaina, María Pascual de Zulueta penatuta dago, emakumeak “oraindik erantzukizuneko lanpostu gutxitan daudelako Euskadiko bioosasunaren enpresetan”.
Azken urtean Euskadiko bioosasunaren sektoreak izan duen bilakaeraren beste gakoetako bat da I+G+Bn gero eta diru gehiago jartzen eta inbertitzen jarraitu dela. Basque Health Cluster-en kalkuluen arabera, sektoreko enpresek 1.670 milioi euro inguru fakturatu zituzten pasa den urtean (hots, Euskadin sortutako aberastasunaren % 2ren baliokidea), eta urtean % 5eko gorakada izan zuen.
Basque Health Cluster-en zuzendariak esan duenez, “azken urtean, hazten jarraitu da, baina pandemiak sektorearen erritmo ona moteldu du”. Halaber, esportazioetan ere izan du eragina horrek, “baina, urtearen amaieran eta 2021aren hasieran, berriro ekin zaio jarduerari, eta salmenten % 20 izatera pasatu da”.
Ikerketako eta garapeneko inbertsioei dagokienez, ETE askok diru-sarreren % 100 bideratzen dituzte partida horretarako, nahiz eta azken urteotan batezbestekoa % 10ekoa izan den. Hala ere, kalkuluen arabera, pandemiak moteldu egin du inbertsioen erritmoa, eta 130 milioi eurora murriztu (hau da, fakturazio osoaren % 8 inguru). María Pascual de Zuluetak azaldu duenez, “2020an, are gehiago jardun da I+Gn, baina, pandemiagatik, ahuldu egin da osasun-sistemekiko elkarlana.
“0 kilometroko” ekoizpena
Basque Health Cluster-en helburuen artean, sektoreak euskal BPGd-ren gaur egungo maila baino % 50 gehiago izatea nahi du zuzendariak, 2025ean % 3koa izan arte. Helburu hori erdiesteko, sektore dinamikoenek tiratzea espero da; besteak beste, medikuntza leheneratzaileak, terapia genikoek, diagnostikoetarako gailu medikoek eta osasun digitaleko enpresek (e-health).
Halaber, Euskal Clusterrak euskal enpresen internazionalizazioa indartzea bultzatzen du: Pascual de Zuluetaren arabera, “gure produktuak munduko edozein tokitan garatzen eta ekoizten direnekin alderatzen dira dagoeneko, eta, lehiakorrak izateko, araudiak eta kalitate-sistema zorrotzenak betetzeaz gain, lehiakideenak baino kostu/onura erlazio hobea dutela ziurtatu behar dute”.
Zuzendariaren arabera, medikamentuak eta osasun-produktuak, “balio erantsi handiko ondasunak ez ezik, funtsezko produktuak, behar-beharrezkoak, dira ongizatearen ekonomiarako”. Nabarmendu duenez, gaur egungo pandemiaren moduko krisiek “lehen planora dakarte ‘0 kilometroko’ motako ekoizpena izateko beharra, autonomia, burujabetza eta independentzia eman diezazkigun”.
Haren aburuz, estrategia hori ondoko eskualdeen gaitasunak “eta, nola ez, euroeskualdearenak” kontuan hartuta egituratu behar litzateke, “elkar osa dezaten. Euskadin fabrikatzeko gaitasuna edukitzeko, sektore honen alde egin behar dugu, eta, horrenbestez, ‘0 km-ko’ produktuak erostearen alde”.
Euskal bioklusterraren arduradunak adibide gisa aipatu du iaz paralisia eragin zutela, besteak beste, maskararik ez izateak, diagnostiko gehiago egiteko erreaktiborik ez izateak (nasofaringeko lagina hartzeko kotoi-zotzak), eskualde batzuetan paracetamolik ez izateak, edo txerto nahikoak eta, areago, medikuntzarako oxigeno nahikoa ekoizteko gai ez izateak.