Gobernu Kontseiluak 2020/12/29an, asteartea, onartu du Euskadi Next 21-26 programaren lehen bertsioa, Euskadiren susperraldia, eraldaketa eta erresilientzia helburu dituena.
Eusko Jaurlaritzak prestatu du, foru diputazioekin eta hiru euskal hiriburuetako udalekin batera, Euskadi Next 21-26 programa, Gobernu zentralari helaraziko zaiona Gobernu zentralak Europara bidaliko duen Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean (PRTR) sar dezan, Susperraldi eta Erresilientzia Mekanismoaren (MRR) Next Generation EU funtsak eskuratzeko helburuarekin.
Euskal programaren “lehen bertsioa” da hau, “irekita eta bizirik dagoen dokumentua” alegia, izan ere, apirilaren 30era arte, proiektu berriak proposatzeko aukera egongo da.
Dokumentuan 188 inbertsio jaso dira guztira, besteak beste, 16 Susperraldi eta Eraldaketa Ekonomikorako Proiektu Estrategiko (PERTES).
Euskadi Next 21-26 programak 5.702,6 milioi euro jaso nahi ditu MRR funtsetatik. Kantitate horrek, euskal Administrazioetako aurrekontuetatik eta inbertsio pribatutik eratorritako funtsekin batera, 13.135 milioi euro mobilizatuko lituzke datozen bost urteetan.
5.702 milioi euro horietatik, 2.561,2 (% 44,9) Euskadi osorako proiektuen finantzaketarako erabiliko lirateke; 1.403,8 milioi (% 24,6) Bizkaiko proiektuetarako; 1.001,1 milioi (% 17,6) Gipuzkoako proiektuetarako; eta 736,4 milioi (% 12,9) Arabako proiektuetarako.
Banaketa hori foru aldundien adostasunarekin jasotako inbertsio proiektuen araberakoa da.
Osotara, trantsizio energetiko-ekologikoa helburu duten programaren barneko neurriek % 63 hartzen dute, eta trantsizio digitalerako neurriek, % 21.
Euskadi Next programaren baitako proiektuak zortzi arlotan sailkatuta daude: osasuna eta pertsonen zaintza; biziarteko ikaskuntza; energia berriztagarrien sorrera; mugikortasun jasangarria; administrazioen, enpresen eta balio kateen digitalizazioa eta berrikuntza; hiri habitata; habitat naturala eta hondamendi naturalen prebentzioa; eta ekonomia zirkularra.
Osasunaren eta pertsonen zaintzaren arloak 27 inbertsio ditu barne, 786,4 milioi euro guztira, gizarte zerbitzuei, osasun zerbitzuei eta zerbitzu soziosanitarioei bultzada emateko, uneko erronkei eta/edo COVID-19aren ondoriozko osasun krisiarekin eta krisi ekonomiko eta sozialarekin azaleratutako erronkei erantzuteko duten gaitasuna hobetze aldera.
Arlo honen barne sartu dira Gipuzkoa Advanced New Therapies Territory (GANTT) proiektua (55 milioi); Osasunberri: COVID-19aren eta etorkizuneko pandemien kudeaketarako diagnostiko eta terapien soluzio integrala proiektua (119,4 milioi); eta zaintzen ekonomiaren proiektua (204,8 milioi).
Biziarteko ikaskuntzaren arloak zortzi inbertsio ditu barne, 139,5 milioi euro guztira, pertsona batek, alor profesionalean zein pertsonalean, biztanleria aktibo, motibatu eta integratu baten parte izateko behar dituen gaitasun eta ezaguerak garatzeko helburuarekin.
Energia berriztagarrien sorreran 17 inbertsio daude barne, 415,6 milioi euro guztira. Energia berriztagarrien arloan hidrogenoaren ekonomia berriaren eta offshore energia eolikoaren aldeko apustua egin da hiru proiektu estrategikori esker: Hidrogenoaren Euskal Korridorea-BH2C (220,5 milioi); Eoliko Flotagarriaren Hub Industrial eta Teknologikoa (10 milioi); eta Iberlizer proiektua hidrogenoaren balio katea garatzeko (20,1 milioi).
Mugikortasun jasangarriak 20 inbertsio ditu barne “garraio berdea” deiturikoa sustatzeko, 941,4 milioi euro guztira. Arlo honetan aurkitzen dira Basquevolt Gigafactory proiektua (217 milioi); Battery Pack Multimobility proiektua (10 milioi); Basque CCAM LAB proiektua (60 milioi); MUBIL poloa: mugikortasun adimentsu eta jasangarrirako erreferentziako poloa (86,5 milioi); eta Smart Factory proiektua etorkizuneko mugikortasun jasangarrirako (50,8 milioi).
Digitalizazio eta berrikuntzaren arloak barne ditu 68 inbertsio, 1189,2 milioi euro guztira, honakoen moduko proiektuetarako: akuikulturako ekoizpenerako lurreko parkea Basordasen (20 milioi), Basque Research & Technology Alliance (BRTA) proiektua (60 milioi) eta Gipuzkoa Quantum proiektua (40 milioi).
Hiri habitataren arloak 18 inbertsio ditu, 1080,2 milioi euroko aurrekontu batekin. Euskadi Next programak azpimarratu egin du auzo zaurgarrietan bereziki esku hartzeko beharra eta uneko etxebizitza parkearen birgaitzea sustatzeko beharra, arreta berezia jarrita hutsik dauden etxebizitzetan. EAEko eremu zaurgarrietarako Hiri Berroneratze Integralaren proiektuak 491,2 milioi euro izango lituzke.
Habitat naturalaren eta hondamendi naturalen prebentzioaren arloan 18 inbertsio egingo dira, 657,5 milioi euro guztira, ingurumen adierazleen kalitatea eta biodibertsitatea babestu eta zaintzeko garatutako jarduerak hobetze aldera. Arlo honen barne daude hainbat ekimen, hala nola ur edangarriaren sareen eta ur baliabideen kudeaketa efizientea optimizatzea, eta lurraldeko azpiegiturek hondamendi naturalen aurrean duten erresilientzia areagotzeko teknologien garapena (34 milioi).
Azkenik, ekonomia zirkularrari dagokionez, 12 inbertsio aurreikusi dira, 492,1 milioi euro guztira, ekoizteko eta kontsumitzeko moduan “paradigma aldaketa” bat bilatzeko helburuarekin, hartara materialen kontsumo axolagabea saihestuta. Bereziki aipagarria da Eusko Jaurlaritzaren Industria Lurzoruaren Balioztatzea izeneko proiektua, EAE osoan industria lurzorua berreskuratzeko helburua duena, lurzoru kutsatuak, urpean gera daitezkeenak eta eraikin zaharkituak edo erdi abandonatuak birgaitzeari esker.
Eusko Jaurlaritzak espero du Euskadik funtsen kudeaketan jarduketa gaitasuna izango duela eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsarekin (FEDER) erabiltzen den antzeko sistema bat ezarri nahi du.