-
Ikerketa zentroa pertsona erabat itsuak eta ikusmen zailtasun handiak dituzten pertsonen bila dabil zenbait ataza burutzeko Donostian kokatuta dagoen zentroan
-
Ikusmen arazorik gabeko pertsonak ere aztertuko dituzte itsuen mekanisko kognitiboek gaitasun linguistiko hobeak sostengatzen dituzten jakiteko helburuz
-
Adituak teknika eta neuroirudi metodoen konbinazio aitzindariaz baliatuko dira, BCBLk garaturiko giza-talamoaren lehen atlasa kasu
-
Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Zientzia eta berrikuntza Ministerioak eta Europako Batzordeak ematen duen Marie Slodowska Curie beka prestigiotsuak finantzatua dago
Zenbait ikerketak diotenez, pertsona itsuek hizketa, oroimena eta arretaren prozesamenduan zehar gaitasun hobeak dituzte. Esaterako, batzuek hizketa oso abiadura azkarrean ulertzeko gai direla deskubritu zuten. Populazioaren gehiengoak hitzak ulertzeko duen batez besteko abiadura segunduko 8 silabakoa den bitartean, ikusmen zailtasun handiak dituzten pertsona batzuk segunduko 22 silaba ulertzeko gai dira.
Hala ere, gaitasun hauen euskarri diren mekanismo kognitiboak ez daude argi oraindik. Horren arrazoia da prozesu hauetan funtsezkoak izan daitezkeen garuneko hainbat arearen inguruko ikerketa eta ezagutza urria dela, adibidez talamoa. Garuneko egitura honek gorputzean jasotako informazio sentsoriala garun-azalera igorri ez ezik, informazio sentsorialean ere funtzio erregulatzailea duela dirudi.
Testuinguru honetan, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak, ikerketa neurozientifikoa egiten duena, gaitasun bisual ezberdinak (ikusten dutenak, ikusmen zailtasunak dituztenak eta itsuak) dituzten parte-hartzaileak behar ditu hasi berri duen azterketarako, oroimena, arreta eta hizketa prozesatzeko moduari erreparatzeko erronka duena.
Xedea lortzeko BCBLko ikertzaileek teknika eta neuroirudi tresnez osatutako konbinazio aitzindaria baliatuko dute: zentroan bertan garatutako giza-talamoaren lehen atlasa, erresonantzia magnetikoko ekipamendua eta erretinaren inguruko informazioa erdiesteko erabiltzen den koherentzia optikoko tomografia (OCT).
«Talamoaren atlas probabilistikoari esker, alor honetako ikerketetan gune izan ohi den garun-azalaz gain, talamoa bezalako area azpikortikalak eta honek kortexarekin dituen konexioek ere gaitasun hauetan parte hartzen duten zehaztu ahal izango dugu ikusmen zailtasunak dituzten pertsonetan zehaztasun eta fidagarritasun handiagoarekin», azaldu du BCBLko ikertzailea den Ane Gurtubayk.
Adituaren arabera, zenbait ebidentzia zientifikok iradokitzen dute talamo mailako prozesamendu auditiboa ikusmen arazoak dituzten pertsonetan ezberdina dela. Proiektu berri honekin ezberdintasun hauek prozesamendu linguistiko, oroimen eta arretaren prozesamenduaren hobekuntzarekin lotuta daudenetz argitu nahi dute.
Ikusmen zolitasuna 0.3 azpitik
Ikerketa gauzatzeko, ikusten duten partaideak, ikusmen zailtasun handiak dituztenak eta itsuak beharko ditu BCBLk. Azken talde hauetan ikusmen zolitasuna 0,3 baino baxuagoa edo 20 gradu baino gutxiagoko ikuseremua duten pertsonen bila dabil, gutxienez azken 10 urteotan horrela mantendu direnak.
Partaideak BCBLko instalazioetan ebaluatuko dituzte: lehenik, koherentzia optikoko tomografiaren bidez erretinaren inguruko informazioa lortuko dute eta, ondoren, partaideak erresonantzia magnetikoaren barruan ataza batzuk burutzen ari direla atzeko sistema bisualaren funtzionamendua neurtuko zaie, hots, ikusmena prozesatzen duen garunaren zatia.
«Pertsonek hizkuntza prozesatzeko, arreta jartzeko eta buruz ikasteko duten gaitasuna aztertuko dugu. Arretarekin loturiko atazan, esate baterako, zenbait tonu entzun ondoren haien artean antzekoak edo ezberdinak direnak identifikatu beharko dituzte. Oroimenaren ingurukoan, hitz segida bat entzun eta gero berba jakin bat segidako zein postutan zegoen gogoratu beharko dute», gehitu du Gurtubayk.
Erresonantzia magnetikoa erabiliz egingo diren hizketa, memoria eta arretaren prozesamenduko probetan erdietsitako emaitzak talamoaren atlasarekin alderatuko dira gerora, pertsona bakoitzean nukleo talamikoak era fidagarrian aztertu eta identifikatzeaz gain, bere jarduera eta egitura gaitasun linguistiko eta oroimen gaitasunekin lortuta dauden egiaztatze aldera.
«Ikusmen gaitasunen arabera aldatzen den informazioaren prozesamendua ulertzea lagungarria izango da garuneko prozesuak eta aipatutako prozesamendua erraztu dezaketen mekanismoak hobeto ulertzeko. Halaber, lortzen diren ezagutzak area hauetan defizitak (afasia, dementzia edo arreta defizitak) dituzten pertsonen ebaluazioa eta terapiak hobetzeko mesedegarriak izan daitezke», nabarmendu du Kepa Paz-Alonsok, BCBLko «Hizkuntza eta memoriaren kontrola» ikerketa taldeko liderra.
Gainera, esperientzia bisual desberdina duten pertsonek garuna berrantolatzeko dituzten mugak ezagutzeak garunarekin komunikatzeko metodo eraginkoarragoak topatzea ahalbidetu dezake, ikusmena berreskuratu nahi den kasuetan.
BCBLren proiektu berri hau Europako Batzordeak ematen duen Marie Slodowska Curie izena hartzen duen doktoratu ondoko bekak finantzatua izan da eta, bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren babesa ere badu.