Derion, 2024ko abenduaren 4an – Basque Health Clusterrak eta Novo Nordiskek lankidetza-hitzarmen bat sinatu berri dute. Horren bidez, Danimarkako konpainia euskal klusterraren lehen Business Partner bihurtu da. Akordio horrek bi erakundeek berrikuntzarako eta lankidetzarako duten konpromiso partekatua indartzeaz gain, Euskadi osasun-sektorean nazioarteko erreferentzia-hub gisa sendotzeko mugarri estrategiko bat ere ezartzen du.
Aliantzak aukera emango die bi erakundeei baterako ekimenak garatu eta ezartzeko, osasun-arretaren ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko, eta, horrela, herritarren bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko. Lankidetza horren bidez, Basque Health Cluster eta Novo Nordisk osasun-ekosistema globalean sortzen ari diren beharrei eraginkortasunez erantzuten dieten soluzioak sortzera bideratzen dira.
Silvia Meije Novo Nordisk Españako Erakundeekiko Harremanetarako eta Merkatura Sartzeko zuzendariak honako hau adierazi du: “Novo Nordisk Basque Health Clusterren sartzeak indartu egiten du osasun-sektorea eraldatzeko dugun konpromisoa, gure ikuspegi berritzailea eta etorkizunera begira dagoena partekatzen duten beste eragile batzuekin batera. Akordio honek sinergiak sortzeko aukera ematen digu, aurrerabideari lagunduko dioten eta Euskadiko osasun-ekosistemari eta, oro har, gizarteari balioa emango dioten ezagutzak eta baliabideak partekatuz.”
Bestalde, Asier Albizuk, Basque Health Clusterreko presidenteak, honako hau gehitu du: “Novo Nordisk-ekiko lankidetza estrategikoa osasunaren sektoreko hainbat eragileren elkartzeak ingurune sendoagoa, berritzaileagoa eta erresilienteagoa sortzea nola ekar dezakeen erakusten duen adibidea da. Ziur gaude aliantza horrek Euskadiko osasun-industria eraldatzeaz gain, nazioarteko euskal osasun-ekosistemaren lehiakortasuna indartuko duela.”
Hitzarmen honek aukera sorta zabala irekitzen du diziplinarteko ikerketarako eta tratamendu berriak garatzeko, eta ikuspegi integratua sustatzen du, pazientearen arretatik hasi eta prestakuntza eta gaikuntza profesionaleraino. Bi erakundeek berrikuntzarako eta hazkunde jasangarrirako ingurune egokia sustatzeko konpromisoa hartu dute.
Era berean, aliantza horren arabera, Euskadi erreferente da nazioarteko erkidegoan osasun-sektorean, eta xede erakargarria da osasun-arloan inbertitzeko eta lankidetzan aritzeko.
Basque Health Clusterrari buruz (BHC)
Basque Health Cluster Euskadiko biozientzien eta osasunaren sektorea biltzen duen elkartea da, berrikuntzaren eta etengabeko hobekuntzaren aldeko konpromiso irmoa duena. Goi-mailako enpresen eta erakundeen sare baten bidez, BHCk modu eraginkor eta jasangarrian sustatzen du biozientzien eta osasunaren garapena, bai eskualdeetan, bai nazioartean. Haren lana hazkundea, nazioartekotzea eta balio bereizgarriko proposamenak sortzea da, lehiakortasuna sustatzeko eta Euskadiko osasun-sektoreko eragileen arteko lankidetza dinamikoa sustatzeko.