FARMA ETA DERMOKOSMETIKA

Gaixotasunen tratamendurako eta prebentziorako produktu sendagarriak aurkitu, fabrikatu, prestatu eta merkaturatzen dituzten erakundeak. Talde honetan aurkituko ditugu euren produktuak farmazietan saltzen dituzten enpresa farmazeutiko tradizionalak. Bai eta zuzenean ospitaleetara edo beste enpresa batzuetara saltzen dituztenak ere. Giza osasunarekin batera, enpresa hauek animalien farmakologian ere dihardute.

BIOTEKNOLOGIA

Sistema biologikoak (organismoen multzoa, esaterako, askotariko zelula motak elkarrekin bizi diren ehuna) eta organismo bizidunak (bakterietatik hasita eta animalietara arte) edo horietatik eratorritakoak erabiltzen dituzten orotariko aplikazio teknologikoekin lan egiten duten erakundeak, erabilera espezifikoetarako produktu edo prozesuak sortu edo eraldatzeko helburuarekin. Barne du zientziaren eta ingeniaritzaren printzipioak material organiko eta ez organikoetara aplikatzea sistema biologikoen aldetik. Aplikazioak farmaziaren, medikuntzaren, albaitaritzaren, nekazaritzaren, industria kimikoaren eta ingurumen industriaren arloetara zuzenduak daude batik bat. Farma eta dermo erakundeekin gertatzen den era berean, I+G-a bakarrik eskaintzen duten erakundeak zerbitzuen baitan sailkatzen dira ere.

GAILU MEDIKOAK

Bakarrik edo konbinatuta, diagnostikoaren, prebentzioaren, monitorizazioaren, tratamenduaren edo gaixotasunen arintzearen xede mediko espezifiko baterako edo gehiagorako erabiltzen diren tresna, gailu, makina, inplante, in vitro erabilerarako erreaktibo, material edo antzeko edo lotutako artikuluak fabrikatu eta/edo merkaturatzen dituzten erakundeak.

*Kategoria honetatik kanpo geratzen da osasun arloko softwarea (programa informatikoak, sistema eragileak edo plataforma informatikoak), bere kategoria propioa baitu (osasun digitala).

OSASUN-PRESTAZIOA

Osasun arloan eta arlo soziosanitarioan gaixotasunaren prebentzioa, diagnostikoa, tratamendua eta monitorizazioa eta osasunaren zaintza hobetzeko helburua duten zerbitzu asistentzialak eskaintzen dituzten erakundeak. Kategoria honetan aurki daitezke ospitaleak, klinikak, egoitzak, fisioterapia, aseguruak, etab.

OSASUN DIGITALA

Prebentzioa, diagnostikoa, tratamendua, monitorizazioa eta kudeaketa hobetzeko gaitasuna duten informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) baliatzen dituzten tresnak eta zerbitzuak garatu eta/edo merkaturatzen dituzten erakundeak. Fabrikatzen diren gailu medikoen kantitate handia dela eta, erakundeak bi azpisektoretan banatzea erabaki zen: gailu medikoak eta osasun digitala.

ZERBITZUAK

Talde hau heterogeneoagoa da. Arlo biosanitarioko beste erakunde batzuei zerbitzuak ematen dizkieten edo gainerako kategorien baitan ez dauden erakunde guztiak sartzen dira hemen. Talde honetan aurki daitezkeen erakundeak dira, besteak beste, unibertsitateak, zentro teknologikoak, enpresa sustapenerako unitateak, inbertitzaile sektorialak, CRO, aholkularitza espezializatuak edo erakunde publikoak.