Asuncion Klinika Gipuzkoako ospitale-taldea AsunciON plataforma abiarazteko prestatzen ari da. Telemedikuntzako plataforma horretan, besteak beste, online kontsultak, tele-errehabilitazioko saioak eta larruazaleko patologien diagnostikoa eta bilakaera egiteko app bat sartuko dira. Telemedikuntza errealitate bat da, geratzeko iritsi dena.
Gailu mugikorren erabilera masiboak eta osasun digitaleko aplikazioen aurrerapenak, eta interneterako sarbidearen unibertsalizazioak, COVID-19aren pandemiak bizkortu duen errealitate bihurtu dute telemedikuntza. «Maila estrategikoan, ospitale gisa, denbora daramagu lanean telemedikuntza gure zerbitzu-zorroan txertatzeko, gure ustez abantaila ugari eskaintzen dituelako, bai pazienteari begira, bai erabiltzaileari begira. Kontsumitzaile-profil berri bati buruz ari gara, hainbat zerbitzuren digitalizazioa eta lan-bizitza barneratu dituena, eta osasun-arloan ere horrelako produktuak eskatzen dituena. Nonahikotasuna, azkartasuna eta prezioa nahi ditu, betiere zerbitzuaren kalitateari kalterik egin gabe», Regina Martínez Idarreta Asuncion Klinikako Komunikazio eta Marketing zuzendariak azaldu duenez.
Eta jarraitzen du: «Telemedikuntzak ez dio pazienteari laguntza jasotzeko lekualdatu behar izatea bakarrik saihesten; gainera, ingurumena zaintzen laguntzen du, eta, ondo aplikatuta, profesionalek bilakaera hobeto kontrolatzeko aukera dute». Horri gehitu behar zaio telemedikuntza alternatiba errealista bat dela, bai eremu publikoan bai pribatuan larriagotu diren itxaron-zerrendak konpontzeko, hain zuzen ere COVIDaren ondorioz.
Enpresen inkubagailua
AsunciON plataforma martxan jartzeko, Asuncion Klinikan argi zuten onenekin aliatu behar zutela. ASPEren osasun digitaleko start up-en inkubagailuaren bidez, Gipuzkoako zentroa bi enpresa berritzailerekin jarri zen harremanetan. Enpresa horiek Adimen Artifiziala aplikatzen dute hainbat patologiaren tratamendurako: Trak eta Legit Health.
TRAKek tele-errehabilitazioko app bat garatu du, eta haren algoritmoek in situ zuzentzen dute pazientea, ariketak egin eta informazio hori jasotzen duten bitartean. Horrela, fisioterapeutak une oro kontrola dezake pazientearen bilakaera. «IAri esker, plataformak telemedikuntzaren eta medikuntza presentzialaren abantailak bateratzen ditu; izan ere, pazienteak une oro du ziur bere ariketak behar bezala egiten ari dela. Hori guztia, gainera, aparatu deseroso edo garestien beharrik gabe. Nahikoa da kamera duen ordenagailu edo mugikor bat», azaldu du Asuncion Klinikako ordezkariak.
Legit Healthek, bestalde, larruazaleko patologien bilakaera diagnostikatzeko eta kontrolatzeko aukera ematen duen aplikazio bat garatu du, mugikor batekin ateratako argazki batekin bakarrik, fidagarritasun-maila oso altuarekin. Telemedikuntzako produktu berri horiek merkaturatzeko, Eusko Jaurlaritzak enpresei ematen dien Hazitek diru-laguntza jaso du zentroak, negozio-linea berritzaileak garatzeko.
AsunciON merkaturatu aurretik, zentroak hilabeteak daramatza zerbitzu berri horiek aztertzen. TRAKrekin tele-errehabilitazioko ikerketa bat abian dute belauneko eta sorbaldako pazienteentzat, eta erantzuna, bai profesionalen aldetik, bai pazienteen aldetik, oso ona izaten ari da, Martínez Idarretak azaldu duenez. Gainera, COVID osteko pazienteentzako tele-errehabilitazioko proiektu batean ari dira lanean. Proiektu hori Europar Batasuneko COVID-X programak hautatu du, eta pandemiak dituen osasun-erronkei aurre egiteko irtenbide berritzaileak garatzeko laguntzak ematen ditu.
Profesionalarentzako laguntza
Maria Alejandra Garcíak, Asuncion Klinikako Errehabilitazio Zerbitzuko buruak, positibotzat jo du tele-errehabilitazioko plataforma, eta nabarmendu du ez duela inola ere profesionala ordezkatzen: «Trak fisioterapeutaren lana osatzeko eta hobetzeko tresna bat da, haren eta pazientearen arteko zubi lana eginez». Profesionalak une oro jakin dezake pazientea zein egoeratan dagoen eta ondo trebatzen ari den, Garcia doktoreak dioenez.
Iciar tele-errehabilitazioko plataformaren erabiltzailea izan da, meniskoko ebakuntza baten ondoren errekuperatzeko. Aplikazioa erabiltzeko erraztasuna eta errehabilitazio-saioak egitera zentrura joan behar ez izateak dakarren erosotasuna nabarmentzen dira.
Igorrek, bere aldetik, Asuncion Klinikako errehabilitazio tratamendua tele errehabilitazio saioekin konbinatu du, betiere bere fisioterapeutak gainbegiratuta: «Oso erosoa da ariketak ondoen datorkizun unean egin ahal izatea», nabarmendu du.
Belauneko ebakuntza baten ondoren, Juliari bere errehabilitazio-tratamenduaren zati bat plataformaren bidez egiteko aukera eskaini zitzaion, eta bere esperientzia hain positiboa izan denez, % 100 tele errehabilitatzea gomendatzen du.
(Laguntza) telemedikuntza, sistemaren iraunkortasunerako giltzarria
Asuncion Klinikaren iritziz, telemedikuntzak berebiziko garrantzia izango du epe ertainean osasun-sistemaren iraunkortasunean. «Pazienteak onura ateratzen du, bide telematikoz eskura ditzakeelako online laguntza-zerbitzuak, etxean bertan, lekualdaketarik eta itxaronaldirik gabe, eta espezialisten kontrolarekin». Erosotasunean, aurrezpenean eta segurtasunean irabazten du. Aseguru-konpainiek eta lan-mutualitateek, baita sistema publikoek ere, tratamenduak eta kontsultak eskuratzeko itxaronaldiak murriztu ditzakete, eta, aldi berean, kostuak murriztu.
Asuncion Klinikari buruz:
Asunción Klinika asistentzia talde pribatua da, Tolosan, Andoainen eta Ordizian ospitale bat eta zentro anbulatorioak dituena eta hainbat kontsulta Donostian eta Irunen. 350 langile ditu, horien artean 90 mediku baino gehiago, eta Tolosaldeako enplegu gehien sortzen duen enpresa da. Horrez gain, Asunción klinika eskualdeko ospitale gisa erabiltzen da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin izenpetutako hitzarmen bati esker, hartara osasun estaldura emanda 65.000 pertsona inguruko biztanleria bati.
Trakeri buruz:
Bazkide honi buruzko informazio guztia haien webgunean ikusi dezakezu:
https://www.trak.es/
Legit Healtheri buruz:
Legit.Health larruazaleko patologia jakinak mugikorretik diagnostikatzeko aukera ematen duen larruazaleko adimen artifiziala da. Gainera, Legit Health-ekin urrutiko jarraipena egin daiteke patologien bilakaera monitorizatzeko, hartara dermatitisaren, psoriasiaren, aknearen edo larruazaleko minbiziaren aurrerapena neurtuta, beste gaixotasun askoren artean.
Legit.Health gailu medikoa da (CE) balioztatutako deep learning algoritmoak erabiltzen dituena jardun klinikoan medikuari laguntza emateko.