Pasa den ekainaren 7an, Euskal Osasun Kluster Elkarteko bazkide diren Mizar, FM Control eta eMedica enpresek instalazio berriak inauguratu zituzten Arabako Jundiz industrialdean. Ekitaldi honetan parte hartu zuen Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, Estíbaliz Hernáez Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearekin batera.
3500 m2-tik gorako azalerarekin, instalazio berriek fabrikazio gaitasunak areagotuko dituzte, taldeko langileen arteko lankidetza sustatzeaz gain, hartara garai berri bati hasiera emanda Alcor taldearen baitan.
Instalazio berrietan egongo dira teknologia berrien eta osasunaren arloan diharduten taldeko enpresak: Mizar Additive Manufacturing, Mizar Health, FM Control, eMedica eta Karten Space. Jundiz industrialdean ere kokatuta dagoen beste pabiloi batean dago taldearen gainerakoa, Atik, automobilgintzaren arloko enpresa.
Fabrika berrirako ia milioi bat euroko inbertsioa behar izan da, pandemia betean egin dena. Estíbaliz Hernáezek azpimarratu egin du garai latz hauetan izandako jokabide honen garrantzia. Inbertsio honen aurretik Alcor taldeak dagoeneko egina zuen 8 milioi euroko inbertsioa teknologia berrietan.
Osasun sailburuak, Gotzone Sagarduik, honakoa nabarmendu du: “hainbat sektoreren arteko sinergia eta ezaguera trukeari esker, Alcor taldea soluzio integral eta pertsonalizatuak proposatu eta aplikatzeko gai da, osasun arloak behar duen bezala” eta “horrek ekarpen baliagarria egiten du Euskadik Europako osasun publikoko zerbitzu aurreratuenetakoak izaten jarraitzeko”.
Alcor taldea
ALCOR taldea automobilgintzaren, teknologia berrien eta osasunaren arloetako hainbat sektoretan enpresa teknologikoak sortu eta garatzeko helburua duen talde industriala da. Taldeko enpresa guztien artean 180 langile dituzte eta 36 milioi euroko fakturazioa izan zuten 2020ko ekitaldian.